Xalala – Ezkurrak Uzkur

Pazienteak ezintasuna du sexu bidez ugaltzeko. Itxuraz, ongi dago, baina zerbaitek huts egiten du. Eritasunen bat? Adin batera iristerakoan, xarma berezia du nork bere antzekoak mundura ekartzeak, bizi zikloaren parte da. Zeregin ekidin ezina bihurtzen da askorentzat, eta jokoan ez sartzeko borondatea dutenek ere zeharka begiratzen dute besteen ugal arrakasta. Etsita dago pazientea, eta arazoaren iturria topatzea lan nekeza da. 

Lehen ebidentziek zera erakusten dute: gurasoak eskasegiak dira sexu egiturak ugalkorrak izan ditzaten, eta kaxkartasun horren erantzule nagusia gizakia da. Lehen paragrafoan gaiaren garrantziaz jabetzeko trikimailu txikia egin arren, ametzak ditu ugaltzeko zailtasunak. Jaizkibelgo berezko basoko zuhaitz nagusia ez da, egun, bere kabuz sexualki erreproduzitzeko gai. Urtetako ustiapen intentsiboak eta suteek zeharo kaltetu dute populazioa. Hainbeste, egungo baldintzetan zuhaitzek galarazita dutela loreak eman eta ugaltzea. Horregatik, espeziea ataka larrian dago. 

Gainerako landareek bezala, ametzek ugaltzeko bi era dituzte. Asexualean, guraso bakarrak haren kopia sortzen du, genetikoki identikoa. Sustraien bidez landare berria sortuz ala puskatutako adaxka bat errotuz, esaterako. Bide hau ondorengo asko bizkor sortzeko aproposa da, baina guztiak klonak direnez, baldintzak aldatuz gero, guztiak batera hiltzeko arriskua dago. Ugalketa sexualak, berriz, bi gurasoren informazio genetikoa konbinatzen du, eta ñabardurak ahalbidetu haien ezaugarrietan. Horretarako sortzen dituzte lore ikusgarriak (intsektuak edo animaliak direnean polinizatzaileak) edota lore ez deigarriak (haize bidez ugaltzen badira, esaterako, gramineo zenbaitentzat gorrotagarriak). 

Jaizkibelgo ametzak, ordea, uzkur dabiltza ezkurrak emateko garaian. Iraganeko ametz mardulak ebaki, erre, eta, hitz bakarrean, jipoitu ondoren, orduko zuhaitz haien kimuetatik hazi dira egungo zuhaixkak. Asko, zoritxarrez, sustraien bidez lotuta daude, eta guztiak landare bakarra balira bezala jokatzen dute. Hala, ez da enbor nagusirik sortzen, ezta lorerik eman eta sexualki ugaldu ere. Kimu bidez zuhaixka antzu gehiago sortu, besterik ez.

Ezkur faltak ametz eskasia dakarrenez, eta bertako basoa berreskuratzea eragozten duenez, ezkurrak bildu eta haiek ernetzeak eman diezaioke basoari bultzada. Jaizkibelgo ametz heldu eta ugalkor bakanetara joan, fruitua bildu, eta haiek nolabait piztea. Erraza dirudien arren, urrats jakin batzuk jarraitu behar dira zeregin horretarako, eta hazi mintegiak eraiki behar dira. Hartara, ametz zuhaixkak sor daitezke mimoz arituz gero: ezkurrak harea askoko lurretan erein, landarexkak belarjaleetatik babestu… Ametz gazteak auzolanean landatzeak, besteak beste, emango dio espezieari Jaizkibelen bizitzen jarraitzeko aukera, eta etorkizunean bere kabuz sexualki ugaltzekoa. 


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude