Bakean dagoena bakean utzi

Idoia Lopez Gonzalez.

Behin eta berriz elkarrizketa berdina izaten dudala jabetzen hasi naiz. Ni oso pozik nago nire buruarekin, eta gaur egun egiten ari naizenarekin. Baina jendea? Zer gertatzen zaio jendeari? Zerk kezkatzen ditu ni gustura banago?

Bizi garen gizartean ez dago emakumeentzako nahiko tokirik, mugatuta gaude handik eta hemendik, eta horrela bizitzeko adoktrinatu gaituzte. Ezin gara gehiegi kexatu, ezta gutxiegi ere… Dena dira aitzakiak gurekiko, eta estandarrak izan behar dugu gizartean lasai bizitzeko. Hala eta guztiz ere, aurrerapausoak antzematen dituzte askok, baina zenbat atzerapausorekin batera?

Ohituta gaude normalizatutako komentarioak entzutera. Zein emakumek ez du horrelakorik entzun?

«Argala egotea da politena, baina ez argalegia… hezurretan egotea itsusia da.»

«Makilatu zaitez, baina pasa gabe.»

«Izan zaitez jatorra, baina ez gehiegi, ligatzen ari zarela pentsatuko dute eta.»

«Gihar gehiegi dauka soineko tiradun hori jartzeko, ez da txukun gelditzen.»

Noiz arte? Nekatuta gaude dagoeneko!

Txikitatik saldu digute politak eta finak izan behar genuela, indartsuak gizonak zirela. Horretara ohitu gara: zer, nor, nola… izan behar dugun entzutera, eta zer ez dugun izan behar ere bai, noski. Poliki-poliki, oso poliki nire gusturako, ari gara estereotipoak hausten. Kontziente gara kontsumoak eta kapitalak ezarritako kanonen arabera izan nahi edo behar dugula. 

Gaira itzultzen, esan nahi dut lehenik eta behin oso zaila egiten zaidala emakumeaz eta indarraz esaldi berean hitz egitea, kritikatua izan gabe. Azken urte honetan inoiz baino kontzientego izan naiz emakume gihartsuekiko dagoen gutxiespenaz, nahiz eta gihar askorik ez izan, abisua eman didatelako dagoeneko. Pisuak altxatzen ditudanez kontuz ibili behar dut, urte batzuetan gihartsuegi egon naiteke eta. Baina, nori ez zaio gustatuko?

Nola da posible horren modako kirol batean garai bateko komentarioekin jarraitzea? Gaur egun hainbeste emakumek praktikatzen dugun kirol batean hainbeste kritika edota eskatu gabeko gomendioak jasotzea? Zenbat aldiz errepikatu behar dut ez zaidala axola gihartsu izatea?

Beraz, zer gertatzen da? Emakumeok fisikoki eta mentalki ahulak garela azaleratu behar dugula sozialki seinalatuak ez izateko?

Ni pototaraino nago. Eta zu?


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude