Lezok Jaizkibel

Joseba Etxegoien Errandonea.

Nahi duzunari buruz idatz dezakezu artikulua, baina Lezo-Jaizkibel lasterketaren inguruan idatz zenezake, nahi izanez gero. Horrela hasita, bistan da baldintzapeko askatasunean sortutako artikulua izango dela hau. Lasai Nahikari, ez diot inori esango mezua zuk bidalia denik.

Lasterketari begiratuta, urte hasierako asmoek zenbateko iraupena izaten duten aipa dezaket, Urteberri-egunean ziurtasun osoz izena emandako zenbat korrikalarik amore ematen duten ikusita. Edo Lezoko zenbat jende dagoen dortsal bat jantzita Jaizkibelen korri egiteko prest. Asko, hitz gutxitan esanda. Mesedez, gaueko aisialdia aska dezatela behingoz, gero eta jende gazteagoa ari baita gurean apuntatzen!

Baina Lezori eta lasterketari baino gehiago, Jaizkibeli begira jarri nahi dut. «Eskapadak» egitea inoiz baino zailagoa jarri den honetan, ihesbide ederra eskaintzen baitigu gure mendiak, perimetro eta agiriz osatutako mugak gainditzeko garaian. Ihes beterik ez da izango, baina betetasun sentipenarekin itzultzen naiz bertara ihes egiten dudan bakoitzean.

Hori bai, ospitaleetako okupazio datuak ematen diren bezala, mendietako okupazio mailarenak ere aipatu beharko lituzkete komunikabideek. Jaizkibelek berak ere betetasun sentipen latza behar du, dudarik gabe.

Bistan da Jaizkibelek eragin handia duela Lezorengan. Baita inguruko herritarrengan ere. Eider Rodriguezek bere azken liburuan egiten dituen aipamenak, horren lekuko. Oso kuriosoa egiten zaidan irudi bat topatu dut bertan. Beti sutan zegoen mendi soil gisa deskribatzen du, eta adin bat dugunoi horixe gertatzen zaigula iruditzen zait, Guadalupera sekula iristen ez diren hondarrezko bihurgune erre eta amaigabeetan gaudela sentitzen dugula, zuhaizpe freskoan korrika ibili arren.

Bi urte hauetan maiz esan bezala, eskerrak Jaizkibel ondoan dugun! Gure izaera baldintzatzen duela esatea asko esatea izango da agian, baina artikulu bat osatzeko beharrezko karaktereak betetzen laguntzen du behintzat.


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude