Korrika serio demonio…

Imanol Esnaola Arbiza.

Gutxi izango dira gure herrian KORRIKA bezain ekitaldi bateratzaileagoak. KORRIKA barrutik bizi beharra dago. Ezker-eskuin begiratuz gure ondoan pozarren hamaika herritar ikusten dugu KORRIKAri kilometroak eginarazten. Zeri zor zaio, ordea, KORRIKAk eragiteko duen gaitasun hori?

Oxigenoa euskararen herriarentzat

AEK-k indarra hartu zuen garaia ez zen erraza euskal hiztun herriarentzat. Espainiako hainbat erregimenek eraikitako jazarpen linguistikoari garapen industrialak eragindako immigrazio handia gehitu zitzaion, eta horri mendeko bizi zen herri baten ahultasuna maila guztietan. Hizkuntza orok hiztunen oxigenoa behar du, eta euskarari horixe ukatzen zitzaion. Euskaltzaleon begietatik begiratuz, euskal hiztun herria ororentzat plaza zabal eta erosoa egin ezean jai zegoen.

AEKren inguruan biltzen ziren euskaltzaleak euskararik ez zekien oro euskararen herrian txertatzeko ahalegin betean zebiltzan aspaldian, herriz herri, euskaldun trebe zein traketsak irakasle lanetan jarri eta euskal hiztun komunitatea biziberritzen.

Herrigintza oztopo zenbaitentzat

Franco hil ondoko urte haietan, tokian tokiko instituzioak eratzen hasi zirenean, oinarri sozialeko erakundeekin lehiatzen zuten hamaika arlotan. Euskal hiztun herriaren eskubideek estatu politikaren muina ukitzen zuten, ordea. Ez zegoen, eta ez dago, lekurik adostasun konstituzionala auzitan jar zezakeen dibergentzia linguistikoarentzat. AEK zen, beharbada, euskara baztertzen zuen adostasun glotopolitikoaren kontraesana agerian jartzen zuen erakunde nagusia.

AEK-k argi zuen ez zela belaunaldi euskaldun berririk izango hasieratik helduak euskarari lotu gabe. Euskara ikastea eskubide ukaezina zela, eta gorpuzten ari ziren instituzioek eskubide hori modu unibertsalean bermatu behar zutela. Irizpide hori, ordea, logikoa ez eze, deserosoa ere bazen. Izan ere, horrek euskara ikasteko taldeak edonon, edozein ordutan, edozein trebakuntza mailatan… behar zituen. Ilusionagarria bezain arriskutsua inperialismo linguistikoarentzat.

1980an antolatu zuen AEK-k lehenengo KORRIKA. Garai hura bizi zutenek ongi dakite premia estu batek eraman zuela Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundea KORRIKA antolatzera. Euskara eskolen egunerokoa utzi gabe, ekintza erraldoi bat antolatzeari ekin zioten zoro haiek. Bitartean ere ez ziren gutxi izan kaleko protestak, euskara eskolak emateko lokal publikoen okupazioak eta beste hamaika mobilizazio.

Herritarren aldetik zuen babesa kalean erakutsi beharra zuen onarpen instituzionala lortzeko, eta, bitartean, sosa bildu. Izan ere, AEK-k bere burua finantzatu beharra zuen ahal zen herri eta auzo gehienetan, Euskal Herriaren luze zabalean, euskara eskolak eman ahal izateko. Berdin euskara ofiziala zen eremuetan nola ez zen horietan. Administrazioak inoiz onartuko ez zukeen zenbat ikastalde eta euskaltegi zabaldu ote du AEK-k… !

Lezok, esaterako, ez zukeen inoiz ofizialki onetsitako euskaltegirik izango ezarritako araudiaren arabera. Euskaltegia eskolak emateko gela multzo bat baino gehiago da AEKrentzat, ikasleak eta ingurua euskalduntzeko euskalgintzako motorretako bat da, dagoen lekuan. Egungo begiekin ez dago ulertzerik, baina AEK herri ekimena izateak eta euskalgintza noranahi eramateko grina izateak, biziki zaildu zioten merezi zuen aitortza botere publikoaren aldetik. Giro horretan abiatu zen lehen KORRIKA. AEK-k bezala KORRIKAk hamaika eraso nozitu zuen, baita hamaika pertsona eta elkarteren elkartasuna eragin ere. Eta garai batean AEKri babesa ukatzen ziotenetako asko, orain KORRIKA doaz gainerakoekin batera. Euskararen herrian denok gara beharrezko.

Herriaren babesa behar jarraitzeko

Babesa adierazi eta sosa bildu beharrak, beraz, eraman zituen AEK-ko militanteak eskolak utzi eta kalera, ikasle bila, babes bila, harik eta kalea bera euskaltegi bihurtzeraino. Zer ez ote dute egin AEK-ko ikasle eta kideek kalean euskara ikasten zuten bitartean! Euskara zokoan gordea zuenari euskaraz eginarazi zioten ekintzak ez ziren bat edo bi izan, ez eta egun bakarrekoak ere. Euskaldun izan nahi zuten hiztun saiatuen olatuak bat bestearen atzetik ekarri zituen AEK-k. Horixe zen, beharbada, AEKren meriturik handiena, askok oraindik ulertzen ez dutena, euskaraz mintzatzea ardatz zuen joeraren aktibazioa, eta bide horretan milaka lagunentzat euskaraz bizitzeko aukera, egunean tarte batez besterik ez bazen ere.

Belaunaldi berri eta zirtolari baten bultzada

KORRIKAren lehen urteetako euskal kulturak atakan zeramatzan hainbat urte. Ez Dok Hamairuren oihartzuna gero eta urrunago entzuten zen, gainbehera industrialarekin, gabezian hazitako belaunaldi gazte batek hartu zituen kaleak, kulturgintza eta AEK-ko ikasgelak. Punk mugimenduaren izaera probokatzaileak lagungarri gertatu zen euskal gazteen arreta deitzeko. KORRIKAk estetika berria ekarri zuen maila askotan. Hats berria euskararen hiztun herriarentzat. Osagai horiek ere badaude KORRIKAn.

Adarretatik buztaneraino herrigile

KORRIKA ageriko festa baino askoz gehiago da. Eta AEK-k eskaini nahi duen euskaraz bizitzeko modu zabal, bateratzaile eta orotarikoa dago KORRIKAren antolaketan bertan. Horregatik, hain zuzen, KORRIKAren antolaketak hilabeteak daramatza, KORRIKA batzordea antolatuz eta batzordearen bueltan ikasle, irakasle eta herriko eragileak bilduz, ahalik eta jende gehien biltzeko behar diren erabakiak hartuz, kultur ekintzak (beti ere gastu handirik gabekoak, ahal bada) izan daitezela aniztasun horren irudi, antolaketan ikasle eta herritarrak txertatuz, euskara ikasten ari dena herritarren aurrean ahaldunduz…

 KORRIKA, sozializazio ariketa erraldoia da, eta badu alderdi ekonomikoa ere. Materiala saldu beharra dago, petoak edo galtzerdiak, eta kilometroak ere bai. Zorioneko lekukoaren ibilbidea txanponak bilduz zatika babesten duten hamaika talde eta elkartek erositako Kilometroak. Horretan ere, txanponak askoren artean bilduak izateak egiten du euskaltegietako lana denon ahaleginaren fruitu.

KORRIKA, bere horretan, AEK-k izan nahi duen hori dela esan daiteke, zabala eta euskaragilea, euskal hiztun herria bere baitan daramana, eta ingurukoari eskaintzen diona, herrigintzako ariketa osasuntsu bat, etorkizunera daramana euskararen hiztun herria.


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude