Editoriala (10)

Argi izpiek azala laztantzean sumatu duzu berotasuna. Zabal-zabal egin zara, atseginak sukartuta, ahalik eta izpi gehien harrapatzeko. Haizeak norabait eramango zituen lainoak, edo orain arte ez diozu oskarbiari ere erreparatu. Auskalo. Egun osoan bestelako kontu hutsalek izan dute zure gogoa lanpetuta. Etengabe zalapartatu zaitu zaratak: bateko oihuek eta besteko isiluneek. Tarte batez zure baitakoari utzi behar izan diozu txanda hartzen, eta une horretan hasi zara aditzen txorien kantuak. Ez zenekien horrenbeste doinu mota entzun zitezkeenik Jaizkibelen. Eten ugariko hau ez duzu ezaguna, baina beste kantu iskanbilatsukoa zozoa dela pentsatu duzu. Karnaben doinu alaiak firin-faran dabiltza hara eta hona, eta zu atzetik segika, begiradarekin, ezin hotsa atzeman. 

Txingurritutako hankak mugitzerakoan, ordea, oinek porlanarekin egin dute topo. Grisa da lokatz eta larre arteko uhartea. Handik zenbait metrora du segida, mendiaren bihotzean parez pare irekitako harrobi erako zuloan. Begiradak magal berdeetan irrist egin dizu, eta hari so zaudela ohartu zara ezustean. Urrutitik lausoa izan arren, metalezko hondakin distiratsuak antzematen dira, baita lehergailuek utzitako arrasto eta jomuga zartatuak ere. Abilezia behar da gero zementuzko hesi horretatik munizioa tamainako zehaztasunez haraino bidaltzeko. Hareazko hormak makina bat bala jaso du urtez urte, eta irekitako zauria neurtezina da. 

Amezti baten irudia etorri zaizu burura, trabeska hazitako enborren sendotasuna. Ezkurretik jaio berri, sustraiak errotzen ditu, arroka zartatu, harriak lehertu, harik eta premiazko lurra haren eraginez sortu arte. Zail da jakiten, arrakaletan loratzen diren kontraesanak ala kontraesanek eratzen dituzten arrakalak. Ekialdetik heldu dira guda hotsak, eta estali egiten dituzte haitzaren gibeleko tiro burrunbak. Porlana duzu oinetan, baina txoriek lasaitzen dute zure gogoa. 


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude