Joxe Juan Ugalde Ordoki.
Irratigintzan hiru hamarkada pasatxo daramatzadan arren, aitor dezadan, esparru horretan lanean hasi arte ez nuela aparteko irrati zaletasunik izan. Etxean irrati-nobelak, Elena Francis eta De cara al mar entzuten ziren, gaur egun ezagutzen ez diren tramankulu tekladun handi haietako batean. Garai hartan sona handiko irratsaioak izaki, sukalde euskaldunetaraino sartzen zen gaztelania, zenbaitetan, euskal giroa suntsitzeraino eta sukaldeko hizkuntza ordezkatzeraino. Hori ez zen etxe guztietan gertatzen. Baziren, Euskal Herriko komunikabideetan gaztelania nagusi zen garai hartan, Herri Irratiko euskal abestiak, bertsoak eta euskal kutsuko edukiak aukeratzen zituzten etxeak. Egunerokoan, gaur egun bezalaxe, hizkuntza desberdina eramaten zuten uhinek etxeetara; orduan sukaldeetara.
Urte batzuk geroago, AEK-ko euskaltegietan euskara-irakasle nintzela, irratirako bidean jarri ninduen euskara gaztelaniazko irratietara eraman behar zela irizten zion lagun batek. Bere eskutik igandetan bi orduko mikrofono-tartea eskaini zidaten Donostiako Radio Miramar izeneko irrati erdaldunean. Ez nuen medioa ezagutzen. AEK-ko irakasle eta Magisteritzako ikaslea nintzen garai hartan. Egoera berria zen: mikroa, bi orduko programa, asko lagundu zidan teknikari bat eta kuriositatea… hura panorama! Euskal Giroan izeneko programa esperimental hartan Txaparro lehengusu arrantzale lezoarraren, Polentzi Gezala txistulariaren edota Gontzal Mendibil, Ruper Ordorika eta Anje Duhalde abeslarien elkarrizketak entzun ahal izan ziren. Inoiz ez nuen jakin zenbat entzule izan zituen programak. Bi hitzetan: gaztelaniazko basamortu hartan ilusioak ernearazi zuen euskarazko programa izan zen Euskal Giroan. Orduan ohartu nintzen irratiak euskararen indartze eta zabalkundean izan zezakeen garrantziaz. Sukaldera, autora, gaztetxera, elkartera, telefono mugikorrera, ordenagailura… zirrikitu guztietara iristen dira uhinak.
Euskarazko irratia funtsezko tresna izan liteke euskaraz bizitzea erabakitzen duenarentzat. Zaila da, ordea, iragartzea zein izango den irratiaren etorkizuna. Gizarteari ezartzen ari zaion abiadak eta teknologia berriek patxadarik gabeko entzule eta irakurle bihurtu gaituzten garaiotan, molde berrietara egokitu beharrean gara. Artikulu honetan horrenbestetan aipatu den sukalde-rik ez dago irratiarentzat. Autobusean, metroan edota oinezko ibilaldian aurikularretara ekar ditzakegu irrati-edukiak, zuzenean nahiz grabazio edo podcast bidez.
Mondragon Unibertsitatean, ikus-entzunezko komunikazioko ikasleei emandako bizpahiru hitzaldietan, aurkezpenean, Euskadi Irratia nork entzuten duen galdetu izan diet. Berrogeita hamar ikasle inguruko taldetik dozena erdi batek altxa zuen behatza. Hori bai, Euskadi Gaztea ezagunagoa zuten.
Bistan da garai berriek molde eta ohitura desberdinak dakartzatela komunikazioaren kontsumoari dagokionez. Gizartearen ohitura berrietara egokitu beharrean dira komunikabideak, iraungo badute. Emisio-ordu zurrunetatik harago eskaini behar dute produktua, entzulearengana, ikuslearengana edota irakurlearengana heldu ahal izateko. Oraingoan bezeroa da komunikabideei aurrea hartzen ari zaiena; bezeroa da informazioaren kontsumorako baldintzak jartzen ari dena. Hortaz, gizartearen mugimenduei eta ohiturei egokitu beharrean dira komunikabideak informazioa balizko hartzailearengana helarazteko.
Gainera, informazio-kontsumoaren plaza aldakorrean jada ez dago hartzaile tipo bakarra. Horixe bera gertatzen da irratizaleen multzoan ere. Gero eta gehiago dira edukiak telefono mobilean edo ordenadorean bilatzen dituztenak. Nahierazko kontsumo-molde horretan etorkizun iluna aitor lekieke papereko egunkariei eta emisio hutsean geratzen diren irrati konbentzionalei. Horretaz ohartuta, martxan jarriak dituzte aspaldidanik eskaintza digitalak beren produktuak hartzaileen merkatuan jartzeko, eta ahalik eta hartzaile gehien lortzeko. Lehia handia dago. Eta lehiakide indartsuen kontra aritu behar du euskarak bere tokia egin dezan. Denen beharrean da euskara. Irrati handi nahiz txiki… dagoena euskaraz aukeratzeak euskaraz bizitzen lagunduko digu, eta euskarak aurrera egiten jarraitu ahal izango du bere berreskuratze prozesu zailean. Esan beharrik ez dago euskarazko irratiari, izan handi izan txiki, euskara maila ona eskatu behar zaiola, euskara egokia eta zuzena entzuleak hizkuntz eredu ona izan dezan.
Gutako bakoitzak euskarazko frekuentziaren bat aukeratzeaz gain, aparteko garrantzia du autobus, taberna, elkarte, denda, azoka eta gainerako espazio publikoetan aukera hori euskararen aldeko izateak. Norbanakoarengana iristeaz gain, espazio publikoak irabazi behar ditu euskarak. Gutako bakoitzaren esku dago hori lortzea.
Berriz ere, gertutasunaren argudioa lerrootara ekarrita, bestelako ñabarduren gainetik, badaude dialean eta sarean informazioa eta entretenimendua euskaraz jasotzeko aukera ematen duten irratiak. Norberak aukeratuko du, gertutasunaren arabera, bat ala beste. Irrati publikoak, pribatuak, libreak, eskoletakoak… denak dira euskararen gurdiari tira egiteko tresna ezinbestekoak. Eta azpimarratuta utzi nahi nuke, frekuentzien banaketan ere aldeko tratua beharko lukeela gure hizkuntzak, uhinen indarra alde izan dezan.
Utzi erantzuna