Lezo Berriro Euskaldun

Iker Salaberria Urkizu.

Gogoan dut Lezoko Euskararen Plan Estrategikoa osatzeko dinamizatzaile taldean parte hartzeko proposamena jaso nuen eguna. Gogotsu heldu nion Lezo Berriro Euskaldun izendatu genuen erronkari. Garai biziak ziren herrigintzan. Ez zen denbora asko Bai Euskarari ekitaldia egin zela Euskal Herriko bost estadioetan. Lezon, berriz, Euskal Herrian Euskaraz, Orratx!, AEK, Ikastola, Eskola… bizi-bizi zebiltzan; baita Gazte Asanblada ere. 

Lezo Berriro Euskaldun, funtsean, Lezon euskararen normalizazioa bultzatzeko zer egin genezakeen zehazteko eta adosteko ariketa kolektiboa, gogoeta komunitarioa izan zen. Ekintzetarako ideia berrietan baino, bidean eraikitako harremanetan eta adostasunetan zuen balio nagusia.

Ordutik, joan dira hogei urte: Euroa, dorre bikiak, iraultza teknologikoa, 15M mugimendua, mundu mailako bi krisialdi, ETAren desagerpena… eta pandemia betean gauden honetan, mundua goitik behera aldatu zaigula esan dezakegu.

Lezoko euskararen egoerari begiratuz gero, garai hartako kezkek, zoritxarrez, gaurkotasuna dute. Urratsak egin diren arren, ez da lortu euskara lezoar guztiengana helaraztea; eta gaur gaurkoz, Lezon euskaraz bizi nahi duenak, ahaleginak eta bi eginda ere, oztopoak topatuko ditu. Herrigintzaren ikuspegitik euskalgintza apalduta dago. Euskalgintzak ez du asmatu belaunaldi berriak erakartzen eta gaur egungo gazteek aktibismorako beste eremu batzuk lehenesten dituzte. Esango nuke euskararen aldeko borroka despolitizatzea (zentzu zabalenean) dela horren arrazoietako bat. Besteak beste, euskalgintzatik hizkuntzaren aldeko borroka ahalduntze eta askapen borroka indibidual eta kolektibo gisa ikusteko eta bizitzeko tresnak ez direlako eskaini. Aldiz, azken hilabeteotan epaitegietatik etorritako ebazpenek hizkuntza-gatazkaren gordintasuna jarri digute, berriz, begien bistan. Azken hitza estatuek dutela eta noraino hel gaitezkeen eurak erabakitzen dutela erakutsi dute.

Bada esperantzarako tarterik, ordea. Eta gurean, gazteek ematen didate niri neuri horretarako bide. Piztu Lezoren bueltan sortu den dinamikak euskaltzaletasuna du ardatz eta horrek eragina du ez gaur bakarrik, baita ondorengo urteetan ere. Lezoko Euskararen Historia Soziala liburuaren ondorioetan Imanol Esnaolak zioen bezala: «[Lezon] Une historiko guzietan aldez edo moldez euskara eta euskal kulturaren aldeko herri dinamika azaleratu da. Une horien guzien artean, ordea, lotura estua ikus daiteke. Ezer ez da hutsetik sortua.» Eta Lezo Berriro Euskaldun berri bat martxan jarriko bagenu?


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude