Euskal dantza trantsizionala

Aritz Salamanca Tapia.

Euskal dantza tradizionala egokitze prozesu batean murgilduta dago azken urte hauetan. Tradizionala izateari utzi gabe, genero parekidetasunetik berrosatzen ari da. Tradizioa mantentzeko asmotan, behar garaikideetatik abiatzen den trantsizioa gertatzen ari da.

Lezo herri dantzaria da. Harrotasunez, herri honetan dantzarien eta ez hain dantzarien artean, maiz erabiltzen dugu esaldia. Besteak beste, belaunaldiz belaunaldi mantendutako dantzari taldeengatik, egutegiak markatutako emanaldiak behin eta berriro egiteagatik, eta punta-puntako harrobiak etengabe martxan jarraitzen duelako errepikatu ohi dugu esaldi hori.

Dantza askotarikoa da oso bere forman, erritmoan, helburuan, errituan edota sinbologian, baina inoiz Lezon dantza zer edo zerekin lotu baldin badugu, bereziki euskal dantza tradizionalarekin izan da. Baina zer ulertzen dugu euskal dantza tradizionalarekin? Zer da tradizioa? Nik bizitako tradizioa eta zurea, berdinak al dira? Orduak eta egunak egon gintezke galdera horien inguruan hausnartzen, eta ziur aski ez ginateke erabateko adostasunera iritsiko.

Badakigu kultura osasuntsu baten ezaugarri nagusia haren eboluzionatzeko ahalmena dela, eta momentuko gizartearen eskakizunetara egokitzeko gaitasunean datza horren arrakasta. Euskal kulturaren parte kontsideratzen dugun euskal dantza tradizionala, ordea, aldagaitza balitz bezala sentitu izan dugu beti, estankoa, mugiezina. 

Orokorrean, haurtzaroa izan ohi da dantza talde baten parte izateko garaia, baina haur bati burutapen horiek gutziak oso urruti gelditzen zaizkio. Dantza taldean izena ematea norberaren aukera da. Hala ere, erabakiarekin beste hainbat ezaugarri jasotzen dira. 

Nire kasuan, honako hauek jaso nituen: taldea soilik mutilez osatutakoa zen, beraz, nire generoarengatik dantza zehatz batzuk ikasiko nituen, eta mutil bezala rol espezifikoa jokatuko nuen. Mutilak mutilekin eta neskak neskekin edota mutilen dantzak eta nesken dantzak bezalako dikotomiekin topatu nintzen estreinakoz. Talde guztietan gertatzen den bezala, taldearen nortasuna indartzea gustuko genuen, eta egoera bizi ahala, inplizitoki eta inkontzienteki, gure generoaren nortasuna ere indartzen genuen.

Guk bizitakoa urteetan euskal dantza tradizionalak pairatu duen egoera izan da Euskal Herri osoan zehar. Guk bizitako tradizioan, mutilen taldeak alde batetik, eta, bestetik, neskenak zeuden. Mutilen dantzak indartsuak eta ikusgarriak ziren, neskenak, berriz, xumeak eta delikatuak. Soka-dantzan adibidez, mutilek dantzatzen zuten, eta neskak dantzatuak izaten ziren.

Tradizioa halakoa zen, eta emanda etorri zitzaigun bezala, urteetan jarraitu genuen transmisio horrekin. Baina nork emanda? Euskal dantza tradizionala, aldagaitza dela esan digute beti, eta bizitzako beste alor askotan bezala, rolak oso identifikatuta daudela erakutsi digute, eta Betidanik aditzondoarekin galdera asko erantzuten zizkiguten;

Betidanik, horrela dantzatu delako.

Betidanik, bakarrik mutilek dantzatu izan dutelako.

Betidanik, neskek dantza hauek bakarrik egin dituztelako.

Guk bizitako euskal dantza tradizionalean, betidanik horrela izan dira gauzak, eta eboluzioa eman daitekeen bezala, inboluzioa ere ematen da. XIX. mendearen bukaerara arte, euskal dantza tradizionalean, neska-mutil binomioa ez zegoen nik bizitakoa bezainbeste markatuta. Neskek dantza indartsu eta ikusgarrietan parte hartzen zuten, eta  dantza xume eta delikatuak oso gustura egiten zituzten mutilek ere. Dantzariak, soilik dantzariak ziren, generoa bigarren maila batean gelditzen zen. Dantza, soilik dantza zen, gorputzarekin adierazten den hizkuntza bat, generoaz ulertzen ez duena.

Hor nonbait, XIX. mendearen bukaeraren eta I. Mundu Gerraren artean, nazioarte mailan genero eta rol desberdintasunaren haziak ereiten hasi ziren, eta Euskal Herrira iritsi eta abertzaletasunaren izenean, bete-betean euskal dantza tradizionalean txertatu zizkiguten. Orduz geroztik, bi dantzari mota indartu eta promozionatu ziren:

-Mutil kementsu eta aktiboa, dantza indartsuak eta espektakularrak egingo zituena.

-Neska goxo eta pasiboa, dantza xume eta delikatuak egingo zituena.

Transmisioaren poderioz eta tradizioaren izenean gaurko egunera heldu da. 

Zorionez, azken hamarkadan bereziki, genero parekidetasunaren inguruan aurrerapausoak ematen ari dira. Gizarte-zerbitzuek proposatzen dituzten berdintasun-politikei, hezkuntza sistema kontzientziatuago bati, Araolazak edota Altonagak egindako ikerketa lanei eta belaunaldi berrien ekimeni esker, euskal dantza tradizional parekidea lortzeko bidean gaude.

Eboluzionatzeko beldurrik ez duen euskal dantza tradizionala beharko genuke, etorriko diren hurrengoek ahalik eta kultura osasuntsuena jaso dezaten. Hori, ordea, denon esku dago, gauza izango al gara?


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude