Ebasleentzako Poemak

Joxe Luix Agirretxe Mitxelena.

Ilunak dira, beltzak esango du inork, Heriori ebatsitako poemak liburuko aleak. Dena Heriorena da, ezereza. Bizitza salbuespena dela kontziente izan behar dugu, are gehiago baloratzeko besterik ez bada. Salbuespen izateak, betierekotasunean argi une bat izateak, miragarri bihurtzen ditu bizitza eta izaki bizidun guztiak. Egiten dugun oro; irribarre bakoitza, maitasun ekintza, momentu gozagarri bakoitza, xamurtasun adierazpen bakoitza Heriori ebatsia da, gure garaipen ttikia da, ederra bere horretan. Iheskorra, baina gorena. 

Heriotza da poema-liburuaren gai nagusia, baina maitasuna, euskararen inguruko itxurakeria eta gezurra, Euskal Herriaren zapalkuntza nahiz globalizazioak ekarritako bizimodu aldaketa ere ukitzen dituzte liburuko sorkuntza ttikiek. Izan ere, eguneroko bizitzan bizi ditugun injustiziek eta arazoek buru-bihotzak ez lehertzearren, egonezinaren lurruna kanporatu eta paperean jartzeak horixe dakar: denetik izatea. Ea deus hausnartzeko balio dizuen. 


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude