Nekazariak gara, baratzazainak

Nekane Tomasena Elorza eta Josetxo Lucas Arza «Lurraren Orena» taldeko kideak dira. Ekologikoki ekoizten dute, baina, zehazki, agroekologiaren filosofiaren baitan aritzen dira lanean. Agroekologia bukatzen ez den prozesu bat da, amalurrarekiko galdutako kontaktua berreskuratzearekin lotutakoa. Horregatik, lurraren ziklo naturalak errespetatzen ahalegintzen dira, baita gizartea eta kontsumitzaileak kontuan hartzen ere. 

  • Zein da zuen ogibidea? Nola funtzionatzen duzue?

N.T.E: Nekazariak gara, zehatzago esanda, baratzezainak. Momentuz, ez daukagu animaliarik, eta lan guztia baratzetara bideratuta daukagu. Gure baratza oso anitza da, barazki anitz ekoizten dugu, mota pila batekoak. Soilik sasoiko produktuak ekoizten ditugu, barazki bakoitza bere sasoiean. Baita lekale batzuk ere: ilarrak, babak, babarrunak… eta iaz hainbat sendabelar eta zenbait aromatiko ekoizten ere hasi ginen. Azken hori oso ondo atera zitzaigunez, aurten ere, horretan sakontzen saiatu nahi dugu.  

Kolektiboan funtzionatzen dugu, kolektiboak, hasi zenetik gaur egunera arte, mugimendu asko izan dituen arren. Hasieratik oso garbi izan genuen dena (baliabideak, esleipenak…) kolektiboaren izenean egongo zela, eta ez, inoren izenean. Horrela, noizbait heldutasunagatik baten batek joan eta gazteagoren batek gelditu nahi badu, kolektiboaren guztiarekin geldituko litzateke proiektuarekin jarraitzeko. Gaur egun hiru pertsonek osatzen dugu proiektua, Josetxok eta biok, eta anonimotasuna bermatu nahi diogun hirugarren batek. Izan ere, pertsona hori egoera irregularrean dago migratzaile izateagatik. Lantaldeko kide bat da guretzako.

J.L.A: Migrazioaren kontuarekin lotuta, Afrikan pairatzen duten egoera eta hemen pairatzen duguna esplotazioaren ondorio zuzena dela ulertzen dugu. Hemen bizi kalitate ona baldin badaukagu, Afrikan xahuketa bat ematen delako da. Gure jardunarekin, nolabait, deboluzio txiki bat egiten dugu. Elkarlanean eta berdintasunean aritu nahi dugu. Bere garaian harrera taldea sortu genuen, eta nahiz eta beste leku batean erroldatuta egon, gure etxeetan artatu genituen. Haien erregularizazioa bilatzen dugu bide guztietatik. 

Kolektiboaren ildotik, lurrik gabeko mugimendua bezala izendatu izan dugu. Gu lurrik gabe hasi ginelako eta, gainera, okupazio baten bitartez. Plataforma logistikoa deuseztatzeko lurrak okupatu genituen, alternatiba bat eskaintzeko. Gure ustez Gaintxurizketak porlanarena ez den beste etorkizun bat merezi du. Agroekologiaren ideiarekin lotuta dago, izan ere, lurrak tratu txarrak pairatzen ditu, jada ez da sentitzen, eta proiektu desarrollistekin lurra txikitzen, artifizializatzen eta pixkanaka deuseztatzen ari dira. Gure filosofia, beraz, lurra espazio bezala berreskuratu behar dugula da. 

Bestalde, kontsumo taldeetan antolatzen gara, eta bazkideen bitartez funtzionatzen dugu. Informazio trukea ematen da talde horietan, errezetak eta balorazioak, besteak beste. Komunikazioa ahoz ahokoa izaten da maiz. Banaketak kalean egiten ditugu, eta jendeak hori ikusi egiten du. Gure filosofiaren oinarri bat ere bada hori. Norbaitek gure produktuetan interesa izango balu, hiru hilabeteko proba egin dezake, eta, gero, gurekin jarraitu nahi badu, urte beterako konpromisoa eskatzen dugu. Bazkide kopurua kontuan hartzen baitugu burutu beharreko ekoizpenaren aurreikuspen bat egiteko. 

N.T.E: Trukeak ere egin izan ditugu baliabiderik gabeko jendearekin; baten bat astean behin etorri izan da guri laguntzera. Edonork du, bere ahalmen ekonomikoa dena dela, produktu ekologiko eta osasungarriak jateko eskubidea.

  • Duin bizi al daiteke lehen sektorean?

N.T.E: Bueno… (kar,kar,kar) zer da duina? Zer da bizitza duin bat?

Ea ba… edonork irabazi dezakeenarekin konparatzen baldin badugu, seguru asko gure lan baldintzak oso prekarioak direla irudituko zaio jende askori, eta ekonomikoki baloratzen baldin badugu hori, hala da. Zaila da gure errealitatea, zaila da prekarietatetik ateratzea agroekologian dihardugunontzat. Baina, egia da egiten duzuna gustuko baldin baduzu, proiektu horretan sinesten baldin baduzu, lan taldean giro on batean lan egitea lortzen baduzu… horrek duindu egiten duela egoera. Eta hori da bidea. 

J.L.A: Lehen sektorea orokorrean nahiko prekarioa da, eta laguntzak behar ditu bizirauteko. Nik beste modu batera kalifikatuko nuke, izan ere, gizartearen eta pertsonen konpromisoa eta ekarpena behar ditu duintzeko. Denen artean eraiki beharreko zerbait izan behar du. Elikadura funtsezkoa jotzen badugu, eta hala da, egunero jaten baitugu, eta gainera elikagai osasuntsuak eskuratu nahi baldin baditugu, eskuratu ahal izateko konpromisoak ezinbestekoak dira. Hainbat mailatakoak, ez soilik ekoizleena, baizik eta baita gizartearena ere. 

Hala ere, pixkanaka duin bizi ahal izateko baldintzak lortzen ari gara. Gu zerotik abiatu ginen, eta orduan ez genituen gaur egun gazteen aukerak, adibidez, instalakuntzarako diru laguntza potenteak daude. Dena pixkanaka-pixkanaka baliabideak lortzen joatea izan da. Hastapenetan, gainera, soilik aitzurrak genituen, eta pixkanaka lehen motokultorea, lehen negutegia… Gaur egun azpiegitura handiagoa daukagu, duinagoa, oraindik inbertsioak egiten jarraitzen dugun arren. Beharrezkoak dira gure lanbidea optimizatzeko, eta gure jarduna erraztu ahal izateko.

Aitzitik, ez diogu soilik gure buruari begiratzen, beste batzuk jardueran has daitezen laguntzen ditugu, gure asmoa nekazari gehiago sortzea ere badelako, Hego Euskal Herrian oso gutxi baitaude. Iparraldean beste egoera bat dago, nahiko garatuagoa, beste balore batzuk dituzte, eta ez dago hain artifizializatuta, kostaldea salbu. Iparraldeko barnealdean lehen sektoreak presentzia handia dauka, Hegoaldean aldiz, BPGaren ehuneko 1 gara. 

N.T.E: Hainbat agroekologia elkarteko kideak gara, Biolur kasu. Nekazaritza ekologikoko Gipuzkoako elkarte bat da. Orain Duina izeneko prozesu bat abiatu dugu. Bertan, ekoizpenean zenbat ordu aritu behar dugun aztertzen dugu, eta horren arabera, prezio duin bat jarri nahi diogu guk egindakoari.

Auzolanak ere antolatzen ditugu, ez soilik gure bazkideekin, baizik eta gainontzeko nekazarion artean ere bai. Gutxi gara eta gure arteko sarea bermatzea ezinbestekoa zaigu biziraupenerako. Izan ere, gure bakardadean ito egingo ginateke. 

J.L.A: Auzolana komunitateak biziraun dezan sekulako erreminta edo balorea da. Dirua iristen ez den tokira jendea iristen da. 

  • Lurzoru aldetik edozeinek al dauka lur zati bat lantzeko aukera? Zenbat lur behar da bertatik bizi ahal izateko?

N.T.E: Ez, argi eta garbi. Lurra arriskuan dagoelako, batez ere zonalde honetan oso artifizializatuta dago, eta artifizializatzeko arriskuan jarraitzen du beste zeinbat lur edo landa eremuk: AHT dela, plataforma logistikoa dela, 2A4…. Oso zaila da lursaila lortzea. Batetik, lurraren espekulazio izugarria dagoelako, eta, bestetik, lur emankor gutxi dagoelako. 

J.L.A: Lur emankorrak geroz eta urrunago daude, geroz eta mendialderago. 

N.T.E: Ahalmen aldetik edonork landu lezake lur bat. Gu ez ginen nekazariak hasi arte.

J.L.A: Beste modu batera esanda, zure etxeko ekoizpena ehun metro karraturekin bermatu dezakezu. Urteko barazki guztiekin. Autogestioa funtsezkoa da zentzu horretan eta ehun metro karratu horiek lortzeko borrokatu egin behar da. Aukerarik ez duzunean zureganatu egin behar duzu. Horren adibide garbia Brasilgo Movimiento Sin Tierra mugimendua da. 

Ba al dago garai bateko baserritarren eta gaur egungoen belaunaldi arteko loturarik? 

N.T.E: Duela gutxi lagun batekin hitz egiten esan zidan bere osaba-izebek baserria zutela, eta, bertan, lau behi, baratza txiki bat, oilo batzuk…zituzten soilik. Horrekin bizi ziren. Gainera, haien bizitzetan ez zen estresik nabaritzen, lanean ibiltzen ziren txingurri moduan. Lehengusuen kasuan, berriz, 20-25 behi ditu eta estresak jota bizi da, diruarengatik oso kezkatuta. Nik lagunak ikusi zuen berdina ikusten dut. Gizarte honek txertatuta du estresa, lehen sektorean zer esanik ez.

J.L.A: Egungo ereduaren arlo politikoa ikusirik, esplotazio handiak bilatzen ditu. Guk aldiz, baserritar txikien ekoizpena aldarrikatzen dugu, baina baita horien saretzearen garrantzia ere. Hain zuzen, gure kontsumo taldeak beste ekoizleei ere eskaintzen die, sare horretan, gure barazkiak kontsumitzeaz gain, okin batek eginiko ogiak edo artzainaren gaztak bana daitezken. Elikadura burujabetzaren bidean saretzea dugu helburu, eta, hala, kapitalismo zurrupatzailtik neurri batean ateratzen gara. Bitartekorik gabe, salmenta zuzena eramaten dugu aurrera, non ekoizlearen eta kontsumitzailearen artean harreman zuzena dagoen. 

N.T.E: Bertako instituzioek agroindustrian oinarritutako eredua bultzatzen dute, hau da, ahalik eta lur gehiena, ahalik eta animalia gehien, monokultiboak hektareaka… guk horrekin puskatu nahi dugu. Adibide garbia da orain Araban Eroskirentzat bultzatu nahi duten tomate kultiboa, enpresak sekulako irabaziak izan ditzan. Tomate horietako langileek nolako lan baldintzak izango dituzte? 

J.L.A: Industrializazioarekin, baserritar askok haien jarduna utzi zuten. Ordutegi zein sosa aldetik lan baldintzak lantegietan baino askoz okerragoak zirelako. Horregatik, ondorengo askok ere utzi egin dute. Orain baserritar berri gehiago dago, beste kontzientzia politiko batekin sortutakoak. Askotan, beraz, errelebo generazional hori ez da ematen ari. Baserritarrak izandakoak, prekarietatearen ondorioz, haien trasmisioan ahal izanez gero beste ogibide bat bilatzeko ideia helarazi diete ondorengoei. Iparraldean desberdina da, hala ere. 

Asmoa Lur saileko filosofia esperientzia pilotu txikien bitartez berreskuratzea da. Hemen, Oarsoaldean, politikoki inplikaziorik baldin badago, baldintzak egon badaude. Horregatik, gu bezalako nekazariak, hori bultzatzen saiatzen gara. Ez gara ekoiztera soilik dedikatzen, gaiaren inguruan aho bete hortz dabiltzan politikariei exijitzen ere ahalegintzen gara. Badira agroekologiako mahai bateratuak, azter ditzagun gabeziak eta horiek nola bideratu daitezkeen, sustatu dezagun gaiaren inguruko kontzientzia herrietan… dena borondate kontua da. 

N.T.E: Hala ere, egia da gehienok hiritar bihurtutako baserritarren seme-alabak izan garela. Gure inguruan badaude halako kasuak, lotura emozionalagatik egin dugula nekazari izateko hautua. 

  • Lezoarrek baloratzen al dute bertako produktu edo elikagaien kalitatea?

N.T.E: Lezoarren elikadura ohiturak aztertu beharko lirateke hasteko. Eta nongo elikagaiak jaten dituzte?

J.L.A: Guk Lezon talde txikia daukagu, beste ekoizle bat dagoelako hemen, Joseba. Baina harekin dauden pertsonek, noski baloratzen dutela zer jaten duten. 

Orokorrean hitz egiten badugu, Lezoar askok ezjakintasuna dauka. Ez baduzu nekazaritzarekin edo nekazariekin harremanik, nola baloratuko duzu? Harremana, kontaktua eta erosleak dendakoaren aldean baloratuko du, noski. 

N.T.E: Oreretako azokara, adibidez, Lezoko jendea etortzen da. Ondo ekoizten diren produktuak baloratu egiten dira, usaina, zaporea… benetakoa da. Adibidez, jende heldua erostera etorri izan zaigunean, adierazi izan dute: por fin, berdura que sabe a berdura… (Azkenean, barazki zaporeko barazkia!)

J.L.A: Horrez gain, ahalmen ekonomikoa dago. Produktu ekologikoak ez dira ahalmen ekonomiko altuko jendearentzat soilik egin behar, baizik eta edonoren eskura egoteko. Eredu hori sortu behar da. 

N.T.E: Aurten prozesu bat abiatu dugu non produktu konbentzionalak produktu ekologikoak baino askoz merkeagoak ez diren frogatu dugun. Beste herrialde batetik etortzen zaizkigun produktuak izan ezean behintzat… 


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude