Memoria. Herriaren hari gidari

Joxe Luix Agirretxe Mitxelena

Gure oroimen «hurbila» osatzen duten memoriaren txatalek –argazki, dokumentu, audio, bideo, marrazki, idazki eta abarrak–, eta Google eta Microsoft bezalako korporazio handiek bahituta dituztenez sasoi honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da, akaso, memoria diakronikoaren edo historikoaren garrantzia azpimarratzea. Izan ere, «historikoa» izenondoa, erabiliaren erabiliaz, hustuta darabilgula esango nuke. Historikoa ez da nabarmena edo mugarri den gertaera, edo ez hori bakarrik. Historikoak bilakaera esan nahi du, Historiaren une jakin batetik gaur arte aztergai dugun horrek izandako bilakaera, alegia. Horrekin zera adierazi nahi dut: zer horren bizialdiaz ari garela, nortasunaz, azken batean. Inork istripu batengatik edo gaitzen batengatik memoria galtzen duenean, zer gertatzen den badakigu: gizaki hori anulatuta geratu ohi da. «Nor den ere ez daki», esan ohi dugu Alzheimerrak jotako gaixo batez mintzo garelarik, nortasuna galdu duela. Bada, zeinahi gizatalderekin ere gauza bera gertatu ohi da, izan nazio, etnia, izan herrixka, auzo nahiz ideologia-talde.

Kolektibitate bat mendean hartzeko,  boterea duen zerak, manipulatuz, aldaraziz, ahantzaraziz, kudeatu beharreko ardatzetako bat da memoria, dudarik gabe; ekonomiarekin, lurraldearekin eta hizkuntzarekin batera.

Beraz, memoria historikoaren garrantzia aipatzean, solasera ekarri ohi ditugun topikoak –historia ez errepikatzeko, oker egindakoak zuzentzeko, aurrekoak ohoratzeko, nondik gatozen jakiteko– ez dira gezur, baina motz geratzen dira memoriaren garrantziaren benetako dimentsioa baloratzeko. Memoriarik ezak, izatearen eta ez izatearen arteko diferentzia marka dezake.

Delako «Hodeian» edota besteren zerbitzari erraldoietan ditugun txatalak gureak direla sinestarazten digute, erabiltzeko hainbat erraztasun eskainiz, baina edozein unetan ken diezazkigukete, batere gabe geratuz. Gertatu ere gertatu dira, oraintsu, horren adibide batzuk. 

Beharrezkoa da, gurenez, memoria lantzeko eta atxikitzeko ariketa egitea. Eta ariketa hori ahanztura bihurtzea, azkenik, ohitura sortzeko. Euskaldunontzat, memoria, dugun arma bakarretako eta eraginkorrenetako bat da hizkuntzarekin batera. Memoria historikoa ere gure territorio libre bihurtu beharra dugu izaten jarraitzeko tresna propio.

Tresna izateaz gain, gure banako memorien, memoria ttikien, altxor eta errelikien bilduma ere badira memoria historikoa eta memoria hurbila. Ondare fisikoarekin batera, herri ondarearen parte banaezina osatzen dutenak. 


Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude