Maddi Galdos.
Arratsero urreztatzen zen ibaiaren ertzetatik ibiltzen nindunan orduan. Udazken nabarra zen. Ilun goiztiarra heldu aurretik, gaua abaildu baino lehen, zeru kolore gorrixkek errainuz tindatzen zuten uraren joana, odol tantak bailiran. Jertse potolo-potoloa jantzita, katigatutako zamaren batek eragindako urrats traketsez bezala, herrestan zihoan ibaiaren hegietan. Itsasoratzeko esperantzarik gabe, eta laborria ito nahian, zigarro bat bestearen atzetik.
Aspaldi aditu zion baten bati urtaro madarikatu haren gaitzaren berri. Lurra lotaratzera doan unean bertan, negu bezperatan, azalberritzen ei gara gizatiarrok. Laztutako oskola jausten ei zaigu, hostoak arbolei nola, eta biluzik geratu hala. Ahul. Antza, elurrak ate joka direla, hormatu egiten zaizkigu erraiak eta zainak, ezin sentitzeraino. “Udazkenak amaiera dakar berarekin” zioen auskalo nor zen hark. Udaren hilotzak ez duela ongarririk uzten lore berrien sortzeko. “Udazkenak amaiera dakar, beti”. Herdoildu ostean abaildu egiten dira, haize ufadaz, hosto dardartiak, eta estali egiten dute bide oro. Orbelak estratak ezkutatzen ditu, ostendu egiten ditu kartografoek marratutakoak. Hilezkor zirudien ekiak deslai uzten gaitu, eta taigabeko gerizpean ezin geurezkoa dugun itzala bera ere topatu. Ezin topatu gure burua, ezin topatu bakardadea ez den beste inor.
Amorante udatiarra gogoan, aurrera darrai ibiltari errariak, atzean iltzaturik. Ohaide haren eguzkipekoak oroitzen ditu, zigarrokina hatz artean eta, oraindik, hutsmina ahitu ezinik. Udazkenak amaiera dakar berarekin eta harekin darama aurrekariek emaro sortutako oro. Agortu egiten ditu oparoak.
Utzi erantzuna